2010/01/02

Gabonetako mahatsak



Merkatu zaharrera hurbildu ginen mahats bila. Urteko azken gaua zen, eta gu oraindik mahatsak erosi gabe. Mahats-mordo bat eskeini ziguten, ale handikoak, disdiratsuak, eztanda egin behar zutela ematen duten horietakoak, baina hamabi segundutan irensteko ezinezkoak, beraz erabaki genuen hobe zela dastatzeko gozoagoa izan zitekeen beste zerbait eskuratzea. Alboko postuko emakume batek bereak erakutsi zizkigun. Hauek bai, txikerrak ziren, baina kolorerik gabekoak eta pixka bat zamurtuta, agian ez ziren hamabi desio emateko egokienak izango. Azkenik ikusi genituen bilatzen ari ginenak, urre koloreko mahatsak ziren, azala belus-itxurakoak, mahatsondotik hartu berriak balira bezalakoak; beraz, hauek aukeratu genituen txanpon batzuen truke. Diruaren txintxina eta dendariaren irriparre gozoa elkarri luzatu ondoren, etxerako bidea hartu genuen. Hamabiak jo aurretik, mahatsik miresgarri eta ederrenak platertxoetan hedatu genituen, kontu handiz. Urtero bezala, lehenengo kanpai-hotsari urduritasun apur batez itxaroten ari gintzaizkion. Ahora helarazi nituen hautatauko ale guztiak adiguriz, ale bat dangada bakoitzarekin, erritmoari ederki eutsiz... Zoritxarrez ahaztu nuen urte berriari hamabi desirak eskatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario