2009/07/12

Edublogs2009

(argazkia: berta martinez)


Bada aste bete Edublogen 4. topaketari amaiera eman zitzaiola, baina arima oraindik estututa daukat ekitaldiak utzitako bihotz-zirraraz. Begiak itxi, eta jardunaldien irudi eta ohiartzun asko etortzen zaizkit burura, pucha kucha eran: burmuinean neurokonektoreak bor-bor, bihotzean taupadak ehunera; urduri nabil azken boladan nire emozioak azaltzeko nahian... patxadaz aztertu beharra daukat odolean sartu didaten pozoina.

Asko dira mundu honetan zerbait interesgarria esateko daukatena, eta horrela egin dute lagun batzuk hiru jardunaldi hauen zehar agudeziaz, trebeziaz, garraz eta eskuzabaltasunez sortutako giroan. Ezinhobeak izan dira ekintza guztiak: berrien mahai-ingurua, tailerrak, twitterra... Baina miresgarriena "comunicaciones" deritzon atala izan da; hizlariek 15 minututan laburtu behar baitzuten hilabete edo urteetan egindako lana, sintesi gaitasuna itzela erakutsiz.

Ezin dut amaitu Boris Mirren hitzaldia aipatu gabe. Errezpetu handiz eta umore fina ukitu batez mintzatu da ikasketa-prozesua izan behar denaz; ikt-z edo ikt-rik gabe, gelan gogoetak egiteko giroa sortu behar dugula argi utzi digu. Pedagogiaren mago honek bere barretinatik dragoiak, untxi bitziak edo astronautak ateratzeaz gain, gogoeta sakona egiteko gure barnekoa ere aztindu digu.


Bukatzeko zoriondu nahi ditut mimo handiz prestatu duten ekintza honen antolatzaileak, primeran, segundan eta terceran egin baitute.



2009/07/01

Blogeroberri baten burutazioak



Kasualitatez izan zen Ikasblogak09-ra joatearena. Ikastolako lankide batzuk bazihoazela jakin nuen eta ni ere animatu nintzen. Plastikozko karpeta bat hartu eta nire "pen" beltzarekin Erandiorantza zuzendu nintzen, zerbait ikasteko asmoz.

Esan beharra dago nire lankideak oso jantziak daudela blog munduan, ni ordea, hasi berria naiz, hala eta guztiz ere, gutariko inork ez genuen aparteko tresneriarik eraman.

Adinez berrogeita...hasi gara eta ikusmena, entzumena, ukimena... enfin, dena hasi zaigu okertzen, horregatik lehenengo eserlekuetan (horrela deitu ahal bazaie) kokatu ginen harriak baino gogorragoak ziren horietan. Ez dut kritikatu nahi, baina kontuan hartu behar da jardunaldi osoa bertan emateko ez zirela erosoenak. Bat-batean norbaitek galdetu zigun twiteatzeko asmorik bagenuen, nik nire "pen" beltzarekin ezetz esan nion.

Beno, harira, gauza da lehenengo emanaldia hasi bezain pronto flashak han-hemenka hasi zitzaizkiela hizlariei, munduko aktoresa famatuenak balira, inguruan dozenaka paparazzi dantzan zituztela . Zer esanik ez dago, guri ere argazki bat baino gehiago egin zigutela, gogoratu lehenengo jarlekuetan eseri ginela.

Hori gutxi balitz, entzulegoaren artean, oraindik ordenagailua zorratik atera gabe zuena animatu zen, eta tekleatzeari ekin zion, all together now, (Beatles). Baina gauza ez da hemen amaitzen. Nire alboan bideo kamara bat zegoen tripode sendo baten gainean; "vip"-en mahaian ere bi edo hiru ordenagailu, argazki kamerak eta ez dakit ur botilarik bazegoen kableen artean izkutaturik edo nire aluzinazio bat izango zen. Denok ordenagailuen aurrean buru belarri. Eta ni hor nengoen nire "pen"(ez driver) beltzarekin... buzoia baina zabalagoa nire ahoa irekian.

Las ponencias bien gracias...